XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hitz besteak

Migel Anjel Aldanak 1979ko abenduan egin zuen ihes Hego Euskal Herritik, eta 1981eko otsailean izan zen atxilotua Ipar Euskal Herrian.

Ez zeukan inolako paperik, eta Frantziak kartzelaratu orduko eskatu zuen estradizioa Espainiako Gobernuak.

Zortzi hilabete eta hiru gose greba egin zituen Baiona, Tarbes, Paube eta Marseillako espetxeetan barrena zerabiltelarik, konfinatuak hartzen halako tradizioa duen Yeu izeneko uhartera eraman zuten arte, ordurako bertan zeuden beste zenbait konfinaturekin bat eginik.

Hilabete t'erdi eman zuten uhartean, beste gose greba baten ondorioz Périgueux herrira eraman zituzten arte, Dordoinako departamendura.

Lau hilabeteren buruan konfinaturiko guztiek alde egin zuten handik. Iparraldean atxilotu zuten berriro Migel Anjel Aldana 1985ean, alabarekin zihoan batean.

Hiru hilabeteko zigorra ezarri zion Frantziako Gobernuak, baina kartzelaldia betetakoan hegazkin batera eraman eta Ekuadorren utzi zuten, bertako Poliziaren esku, Alfontso Etxegarairen lagun.

Bertatik zainduak eta zelatatuak ziren, espetxe baten erregimen berdintsu edo gogorragoan, etxe berean bizi ziren poliziak.

Alfaro Vive, carajo!

Horixe oihukatzen zuten Alfontso eta Migel Anjel etxetik bortxaz irtenarazi eta autoan sartu zituzten polizia kapusaidunek, bahiketa gerrillarien ekintza gisa hartua izan zedin.

Mendira eraman zituzten, eta han komisaria lasai bat antolatu zuten espainiarrek, ekuadortarrek ikas zezaten: poltsa eta elektrodoak.

Egin zuen afera honek halako harrabotsa prentsan, baina ez zuen bide judizialik hartu ahal izan.

Ekuadorrek, eskuak garbitu nahirik edo, lekutu egin zituen deportatu biak, Alfontso Sao Tomera eta Migel Anjel Santo Domingora.

Hemen, Ekuadorren baino bizitza gogorragoa: baldintza berdinak, baina bakardadean.